2012(e)ko uztailaren 22(a), igandea

Txoria Garestik aldendu zenekoa edo munduko aniztasunaren galera

Koldo Colomok idatzitako artikulua

Zer da hiztun komunitate batek galtzen duena hizkuntza galtzen duenean? Behin baino gehiagotan nire buruari galdera hau egin diot. Fenomeno hau XIX. mendearen bigarren erdialdean gurean gertatu bada ere, inork ez du aztertu euskararen galerak zer ondorio ekarri zituen. Ez da kontu erraza jazotako galeraren tamainaz jabetzea, ezta galerak ekarri zuen desoreka sozialaz, kulturalaz eta sikologikoaz ere. Urte askotan zehar Izarbeko herritarrok uste izan dugu hemen ez zela inoiz euskaraz egin, batzuek oraindik orain kolokan jartzen jarraitzen dute errealitate hori euskararen presentziari garrantzia kendu nahian. Zoritxarrez amnesia hau pentsamendu politiko baten ondorioz zabaldu zen, identitate bat ezabatu nahian.

Egun aski argi dugu XIX. mendera arte gurean euskaldunak zirela herritar gehienak. Adibide bi ematearren 1860 urteko erroldan Izarbeko biztanleen %13 euskaldun elebakarra zen eta 1873 urtean Garesen karlisten ofizial batek gudan parte hartzera animatzeko diskurtsoa euskarara itzuli behar izan zuen bertako apaizaren laguntzarekin.

Eta munduan hizkuntzak galtzen direnean, zer?. Joshua Fishman munduko soziolinguista ezagunetariko bat dugu. Bera aditua da afera honetan, munduko hamaika hizkuntzen egoera aztertu baitu. Hark dio hizkuntza bat desagertzen denean galtzen dela geroko belaunaldi askoren integrazio soziokulturala, kohesioa, naturaltasuna, isilpeko sormena, ziurtasunezko identitate sentimendua- nahiz eta kontzientzia politikorik ez izan- eta herri baten autoestimuaren sentimendua. Hemen aipaturiko ondorio hauek kalte fisiko nahiz mentala eragiten dute gizartearen hurrengo belaunaldietan. Zoritxarrez munduan galdu edota galbidean dauden 4000 hizkuntzek ematen digute irakaspena. Izan ere kultur galerak gizarte nahasmendua sortzen du eta delituak eta delituei aurre egiteko gastuen handitzea dakar. Azken finean. hizkuntza galtzearkin batera kultur sormena eta ehunka urtetan metaturiko jakinduria galtzen du gizarteak. Jakina, gizartea galeratik bizirik ateratzen da, baina bizitzaren kalitatea oso kalteturik suertatzen da, bizitzaren beraren zentzua ere gutxituz.

Harrigarria ere suertatzen da David Crystalek idatzitakoa. Hizkuntza bat galdu osteko bi belaunaldi beranduago hizkuntza berreskuratzeko grina sortu ohi da gizartearen beraren altzoan. Izan ere batzuek diote hizkuntza bati ezin zaiola eutsi edo ezin dela berreskuratu herritarren nahiarik gabe. Ez dut nik baieztapen hau dudatan jarriko baina, era berean, egia ere bada herri batek jakin beharko lukeela hizkuntza galerak ekarriko liokeen kaltearen tamaina nolakoa den eta zeintzuk diren politika kolonialistek erabiltzen dituzten lege trikimailuak eta estrategia planifikatuak, azken finean hizkuntzen ordezkapen “natural” horretan zeintzuk diren interes ekonomikoak. Informaziorik gabe herritarrek ezin dute modu demokratikoan erabaki bere etorkizuna.  Nik arlo honetan ez dut duda izpirik, hizkuntza galera ez baita inoiz borondatez ematen.

XIX. mendea oso garai nahasia izan zen Nafarroa osoan. Kultur galeraren abiadura azkartzeaz gain ekonomian, politikan, demografian eta gizartean aldaketa sakonak gertatu ziren, batik bat, gerlen eraginez. Garai hartan Garesen kondaira baten amaiera dugu, Txoriaren kondaira, edo bertze ikuspegi batetik begiratuta, benetan desagertu zena gizarte bat izan zen, kondaira asmatu eta euskara kultur-ardatza zuena. Txoria mugarria izan zen, Garesko euskararen galeraren inflexio-puntua da, nolabait ere, galeraren metafora dugu. Hegaztia Ama Birjinaren aurpegia garbitzera etortzen zen eta une historiko garrantzitsu jakin batzuetan egin ohi zuen bere agerraldia jendearen pozarako. Bere azken bisitak 1840 urteko Ama Birjinaren jaiotzaren egunean eta 1843ko apirilan gertatu ziren, horrela dokumentatu zuen Jose Mari Iribarren-ek. Hortik aitzina txoria ez zen berriro Garesa itzuli, antza denez Birjinaren irudia zubitik kendu eta San Pedro elizan sartzea arrazoi nahikorik izan zen. Ziurrenik garestarrek jadanik galdurik izanen zuten gaitasuna gertatzen ari ziren aldaketei aurre egiteko, amore eman zuten seinalea izan zitekeelakoan nago.

XIX. mendearen zirimolan kultura oso bat joan zitzaigun oharkabean, baina herritarrek pairatu zituzten eta pairatzen dituzten ondorioak neurtzeke daude oraindik. Interesgarria litzateke gai honetan sakontzea. Crystale-k iragarri zuen bezala egungo herritarren artean euskara berreskuratzeko nahia pizturik dago, bi belaunaldi geroago, eta haiei esker euskaldunen datuak %18 inguru ditugu. Hori bai, euskararen etorkizuna ez dago ziurtaturik. Ez dugu ahantzi behar historiak hamaika bide dituela. Etorkizunean euskal komunitateak bizirik jarrai dezan erabilera izanen da giltzarria. Mundu moderno eta globalizatu honetan euskarak balore frankoak ditu eskaintzan, besteak beste, garestarroi eleaniztasunerako bidea erraztea , buruak mundura irekiz eta bizitzarako ezinbesteko duen aniztasuna munduari ematea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina